XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tin Tin ere laster argitaratzekotan
Berriro ere Asterix gure artean.

Aspaldiko partez, berriro ere Asterix dugu gure artean, hamar urtetako isilunearen ondotik.

Hogeita hamar hizkuntzatan itzulia izan den komiki ospetsu hau ostera ere euskaraz irakurtzeko aukera izango dugu, Grijalbo Dargaud eta Elkar argitaletxeen eraginez.

Bi dira, oraingoz behintzat, kaleratu diren ale berriak: Asterix gladiadorea eta Asterix Joku Olinpikoetan, eta garai batean Gabriel Aresti eta J. M. Arrietaren itzulpenez Iñaki Beobidek argitara eman zituen aleak osatzera datoz.

Asterix, 27 urte zahar.

Ia orain dela hogeita hamar urte 1959 jaio zen Asterix honek Pilote izeneko haur-aldizkarian burutu zituen bere lehen abenturak, Obelix lagun mina eta gainerako pertsonaia guztiekin batera.

Sortu, komunikazioaren magoa izan zen René Goscinnyren irudipen aberatsak sortu zituen Asterix eta bere konpainia, geroztik Lucky Luke eta Nikolas Txikia hauek ere euskaraturik daude sortarazi zituen bezalaxe.

Diotenez, Asterixek izan duen arrakastaren arrazoia historia eta humorea hain ondo elkar-lotzean datza, lekuz eta denborazko estrapolazio apartak beti ere irrigarri gertatzen direlarik.

Pertsonaiaren baikortasuna, autorearen ironia eta marrazkilariaren iaiotasun miresgarria bat etorri dira Asterixen ospea mundu guztian zehar zabaltzerako orduan.

Goscinny 1980an hil zen baina Albert Uderzo marrazkilariak lehengo lepotik burua jarraitu izan zuen.

Balore didaktikoak eta euskal kritika.

Orain dela hamar urteko Euskal Herrian Asterix agertu zenean, arrakasta haundia izan zuten lehen komiki haiek Galia eta Euskadiren arteko identifikazioa egitea izugarri erraz gertatzen bait zen sasoi hartan.

Hala ere, euskal burrukalarien artean kritikari zorrotz bat baino gehiago atera zitzaion, erromatarren aurka galiarrek erabiltzen zuten edari majikoa batere irtenbide pedagogikoa ez zelakoan, askatasuna inondik etortzekotan eguneroko burruka eta lanetik etorriko bait zen, kritikarien ustetan.

Hamar urte geroago eguneroko lana eta burruka dira oraindik ere aterabide pedagogikoena, baina, seguru asko, inor ez da Asterix gizajoaz gogoratuko.

Dena den, bere abenturen balore didaktikoa hainbat hizkuntza irakasten frogatua dago eta ez da kasualitate hutsa bestalde, euskarazko itzultzailea ere euskaltegi batetako zuzendaria izatea.

Zenbait itzulpen eztabaidagarri.

Oraingo honetan bi ale atera badira ere, ondotik etorriko zaizkio hurrengoak ere argitaletxeek aditzera eman dutenez gero.

Badirudi, gainera, Tin Tinen abenturak ere euskaraz argitara emateko direla berriro.

X.S.